es     euskera   en
 
 
 

Desioaren aurrezkia (2004-2007)

 Beatriz Erraez

Desioaren aurrezkia 2004-2007)” izenburua jarri dio Iñaki Cerrajeríak (Gasteiz, 1957) azken lau urteetan egindako lanen aukeraketa eskaintzen duen erakusketa honi. Era berean, lan aro baten amaiera da erakusketa. Montehermosoko espazioko hormak hainbat kolorez margotu dira, eta haien gainean banatu irudi multzoak. Pintura eta argazkiak sortzerakoan margotzeko eta kolorea aztertzeko hainbat metodo erabili dira, eta lanen izenburuek egituratzen dituzten osagaiei egiten diete aipamen zuzena:   turquesa; verde y amarillo; azul y negro; verde, azul y amarillo; azul, naranja y rojo; azul y naranja; rojo y negro; sky blue; noir blue; golden blue; dourado; the greens; le rouge cramoisi; grey silver; verde pisello; yellow pink; rouge; gelb; gorria; urdina; bianco rosso; salmón azul; green pink; blauw; blanco negro. “Kolore edukiontziak” dira, artistak egikera “posibleei” eta margolari "lanbideari" berari buruz egindako hausnarketa etengabearen hurrenez hurrengo zatiak.

 

Erakusketan jarritako lanak –zeinak “amaiera” asmoaren barruan katalogatu baitira argitalpen honetan– estudioan banaka taxututako osagaiak baliatuz erakustaretoan bertan biribiltzen diren konposizio muralak dira. Ezusteko asoziazioak dira, tamaina ezberdinetako margoez eraikiak, zeinetan materialen –lantzeko erabili den olioaren– presentzia fisikoa nabarmena baita, askotariko  metodoak erabili baitira lana gauzatzeko: pintura geruza meheak edo lodiagoak, kolorerik eza edo beltzaren erabilera, tinta deigarriak... Geruza horien zeregina ekintza bat, oihalaren gainean "pintura ezartzea" hain zuzen, erregistratzea da; Cerrajeríak lantegian garatutako jardueraren zenbait une sistematikoki agerian jartzen eta ezkutatzen dituzten piezak sortzeko egin duen bidearen ondorioa da hori.  Margoek aurretik ezarritako mugarik ez duten lan multzoak osatzen dituzte, eta horien osagarri argazki irudiak ditugu: artistak digitalki manipulatu ditu argazkiak, zehaztasuna kentzeraino eta, nolabait, pinturaren esparrura “desbideratu” ditu, ezein oinarri figuratibotik aldendu, kolore hedatuzko multzoetan sartzeko.

 

“Desioaren aurrezkia" erakustaretoan banatzen diren aldizkako asoziazioez biribiltzen da osotara, multzoek geletako hormak estaltzen dituzten koloreekin duten erlazioaz: tonu deigarri eta saturatuak (laranjak, urdinak, horiak eta berdeak) hormen gainean, edo espazioa zatituz frisoen antzera. Kubo zuria piezak banatzeko “laborategi” antzeko bat bihurtuta zehazten da azkenean prozesuaren emaitza: lantegi ireki eta erreaktibo berria egokitzen da horrela, zeinean ikuslea estudioaren osagaia baita. Pintura ia "kontestual" horrek zalantzan jartzen ditu margolaritzaren mugak, ezustean formula “konbentzionalenak” eta “lanbidearen” oinarrizko osagaiak erabiliz.  Prozesu horretan ekintza kontrajarriek eta, neurri batean, kontraesankorrek bat egingo dute: oihalaren gainean finkatzen diren oroitzapen zatiak, gero "isildu"  egingo direnak, hurrenez hurrengo informazio geruzak (kolore  eta testurak) gainjarriz. Palimpsesto gisa eraikitako irudiak dira, uneen, denboraren finkatzaileak, artistaren aurreko erakusketetan –Amarica aretoan 1996an “La pintura, un instante” izenburuz aurkeztutakoak, esaterako– jadanik presente zeuden “objektuak".

 

Erakusketa, eta lana oro har, artistaren produkzioan beti izan diren gaiei heltzeko ahalegin setatia da: gaur egun margolaritza  bidezkoa ote den, edo, Cerrajeríaren beraren hitzetan, “artistaren jarrera margotu beharraren eta haren produkzioaren aurrean, azken batean, margotzearen beraren aurrean”.  Erakusketako lan multzoak dira erantzunak, edo gutxienez artistak galderei aurre egiteko gauzatzen dituenak: apainduretatik gabetutako margoak, lanbidearen egiturazko osagaien (materia eta kolorea) etengabeko ikerketan –pintatzeko ekintzaren berrikusketa amaigabean irtenbide posibleak “muturrera” daramatzatenak–, pinturak jasan dituen hurrenez hurrengo krisiak edo aukera hori hautatzearen benetako esanahia. Zalantza horiei estudio barruko jardun mekaniko eta ia errutinazkoaz erantzuten die egileak, eta horren emaitza oihalen azalean uneak, zatiak, oroitzapenak eta irudiak katalogatzea da, “artxibo” ezegonkor eta iragankor baten geruzak osatzeko. Eraikitako azalera horiek aldian behin “zuzendu” egiten dira ––urratu, lausotu, estali––, ezein eskuliburu edo erabilera formulatatik aldentzen den margolaritzan, erantzun posibleak ahal bada are gehiago zalantzan jartzeko.  “Gastu antzuko” ekintza erradikala, zeina aldi berean edozein sistema (ekonomiko) adosturi aurka egiteko leku bat, asmoen adierazpen bat  eta “keinu eta jarrera” programa bat (ez errentagarria) baita.